XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

BAZTER BIDEAK

ITSASU. Herriko kontseilutik

Herriko kontseilua bildu da iragan igandean eta huna biltzarre hortan aipatu afera premiatsuenak:

Kontseiluak erabaki du lehenik 104.800 liberako mailegu baten egitea herriko bazter bidendako.

Departamenduak bere diru laguntza hainitz ttipitu duelakotz, aintzinean egin langaia heltzen da orai 180.000 liberetarat eta horra zertako bi bazter bide diren bakarrik haitada huntan eginak ukanen: Etxarteratekoa eta Olhasur Etxeberritik Alkeiratekoa.

Bertze haitada batez egiteko utziak ukan dira geroztik: Lattianeratekoa, uste baino gehiago gostatzen delakotz, eta Etxegaraitik Agerrerateko bide sartzea, hau ondoko egunetan hor gaindi ezarri behar diren urbidengatik, arrimatu orduko funditua bailitake.

Langai horren eskaintza egina ukanen da herriko etxean urtiaren 16-ean.

Bertzalde, 1974-eko langaiarentzat berexiak ukan dira bi bazter bide: Mulineratekoa eta zati bat Fagolatik Harlepoan gaindi Gerastoko plazarat doan bidean.

Hunen luzetasuna ikus-eta, bixtan da, gisa hortan, zati bat baino gehiago behar ukanen direla bururat heltzeko.

ERREKA USAINDUA

Trinket Balaki aldeko etxe berri horietako jabe multxo bat pleinitu da auzepezari nola den beren zatikaduraren gaindi doan erreka zikindua, usaindua eta garratoinez betea.

Ez da funtsean harritzeko, ezen gaineko plazako etxe andanaxka baten ixurkinak erreka hortarat botatzen dira eta uda betean erreka hori abantxu agortzen da.

Ur zikin horien biltzeko, bada segur langai bat zonbeit urte hautan xutik ezarria, bainan dakizuen bezala langaietik obratzerat iragaiten da urte.

Anartean, herriak erreka hori garbiaraziko du errekaren hegitiarren onetan.

GAINEKO PLAZA

Zonbeit urte hautan, eta orai usaia da, gaineko plaza ototegi gisa baliatzen da.

Joan den astean kamiun handi bat hor itzuli da eta plaza zola pozi bat funditu.

Antolatze saria galdegina ukanen zaio jabeari eta hemendik goiti debekatua ukanen da kamiuner eta otokarrer barne hortan jartzea.

Auzapezak arrasta bat hartuko karia hortarat eta hori agerian ezarria ukanen da.

PILOTA SOLAS

Trinketeko xapelgoa heldu den urrian hasi beharra da.

Hortan engaiatu nahi duten gazte guzieri galdegina zaiote heldu den igande goizean Balaki Trinketean aurkitzea 11-ak eta erdietan.

Hor muntatuak ukanen dira ekipak: hamar urtetarik goitikoak engaiatzen ahal dira.

SENPERE. Gazteekin

- RUGBY: Ilabete hunen lehen igandean gure jokolariak arizan dire Garlin Biarnes herrian.

Bide luze hortan nekatu ondoan ez dute partida handia egin bainan helere ongi jostatu omen dire.

Helduden igandean Baigorrirat doatzi.

- HAND-BALL Joko hortan parte hartu gogo duten nexkato gazte guzieri galdetua da larunbat aratsaldetan 3-etarik harat errebote handirat agert daitzin.

- PILOTAZ: Gure xixterari gazteek azken partida galdu zuten Hazpandarren kontra.

Hortan bururatzen da gure plekarientzat plaza laxoko sasoin ofiziela.

Bixtan da horietarik andana on bat ari dela oraino herriko besten karietarat moldatu partida horietan bai eta ere han edo hemen elgarren artean moldatu haitada horietan.

Bainan egun hautan agertu da neguko trinketeko xapelgoeri buruz izenen emaitea.

Orai arte artzeko usaia dutenak ariko dire.

Bainan balitz berri bat edo bertze, mintza buruzagiekin.

Ezkontza

Egun hautan ezkonduak edo egin beharrak dira, Jerome Bessonart Manttoeneko semea, eta Marguerite Laborde Arrangoiztarra; François Mayana Donibandarra eta Regine Hacata Helbarrundarra: Michel Bereau Kamietako semea, eta Jeanine Borda Murgieneko alaba, François Zabala Urruñarra eta Marie Claire Poyane Bolanjeriako alaba; Michel Berhouet Hazpandarra eta Philomene Etcheverry Harrotchetako alaba; Jean Michel Dokhelar Arrangoiztarra, eta Marguerite Darancette Chanieneko alaba, Jean Louis Perez Larrunalde-ko semea eta Marie Helene Bergara Txistu ostatuko alaba; Jean Leon Dufau Miarriztarra eta Helene Lecuona Chuhailbehereko alaba.

Gure konplimenduekin onhart ditzatela gure desira hoberenak.

DONIBANE-LOHIZUNE. Euskal uniberzitatea

Herriko-etxean, Ithurralde jaun merak errezebitu du, ortzirale aratsalde apalean, uniberzitate hortako erakasle-ikasle andana bat, beren nausiekin.

- Euskaraz egin diote agurra, bihotz-bihotzetik Donibandarren izenean, usaiako ikustatearekin.

Hor ziren Alza axuant gaztea, Sarrazin eta Mouhica kontseilukoak.

- Eskerrak bihurtu ondotik, Haritschelhar jaun erakasleak galdetu dio heldu den urteko zenbeit mintzaldirentzat behar litaken bilkura-toki handiagokoa, eta baietza hor berean izatu du.

Galdetu du ere Errekoleten komentu xaharra (1617-an egiña) herriak bere gain hartuko duelarik egun batez, toki on bat eman dezan euskara eta euskal-kulturari.

Hortakotz ere, egiñ-ahalak eginen dituztela aditu dugu.

Izan dezala beti gure herrian euskarak gisa guziz ongi etorri.

UZTARITZE. Kapito-Harriren Urteko pesta

Usaia dugu urteko biltzar hori.

Urte guti dugu alabainan xapeldun gazte zenbait gabekorik.

Aurten joko-garbian gure herriko Pelletrat, Etcheto eta Saint-Martin direla jaunen jaun agertu, nork ez daki?

Heieri dugu igande huntan, ohore egin beharko, beste guziek ere egun goxo bat iraganez.

Huna nola joanen den eguna: - Goizean meza nausia, pilotari eta pilotazale ohi hilentzat.

Ondotik herriak arno xuri eta goxagailuak eskainiko xapelduneri eta pilotaz arta duten guzieri.

Ohore bereziak eginen zaizkote Louis Dassance eta Alfred Etcheverry jaunari, lehenari G. Forgues departamenduko inzpektoreak emanen baitio minixterioko medaila berezia eta bigarrenari bronzazko medaila.

Ez dutea hori merezi 1926-an gure zozietatea xutik ezarri zutenek?

Eguerditan, denek elgarrekin, eginen duten bazkari eder batean, nahiko dute zaharrek ere erakutsi hor segurik gazten bete direla oraino.

Aratsaldean joko-garbiko partida bat ederra izanen da, zuzen den bezala: Gaztek, erran nahi baita Bernard Etcheto, Jean Pierre Pelletrat eta Jean Etchegoyenek desafiatuko dituzte zahar kondukoak: Arnaud Saint Martin, Pelle Telleria eta Seinderein.

Aratsean dantza eta alegrantzia.

Zahar ala gazte, denentzat izan bedi igandea, batasun eder baten eguna.

AZKAINE. Pilotarien biltzarra

Ikasten dugu, aurtengo Pilotarien Biltzarra, Azkainen egin beharra dela, helduden igande irailaren 23-an.

Huna ondotik, egun hortako bilkuren toki eta tenoreak: Bederatziak eta erdietan, bilkura nagusia; hamarrak eta erdietan meza nagusia, apez pilotariek emana meza ondoan bazkaria, Ramuntxo Trinketeko delakoan.

Pentsatzeko da egun hunek betiko errekesta izanen duela eta denak alegeraki iraganen direla, euskaldunek egiten dakiten bezala.

Bazkari hortan aurkitu gogo dutenek eman dezatela orai danik beren izena: Joseph Laduche, Trinquet Ramuntxo.

Herriko kontseiluan

Azken kontseiluan asko gauzez mintzatu eta erabaki izatu da, herriko auzapeza buru.

Ikusi da zein diren bide antolatze, largatze eta xuxentzeak 1974-an egin edo segitu edo hasi beharko direnak eta zer parte izanen duen herriak lan hoitan hartzeko.

Larrungo mendian ere izanen dire egin-behar batzu, hala-nola arbole landatze batzu, Errient-etxeko aloka-sariak ere berritu dire.

Herriko zikinen biltzea aldiz hedatuko da Senpereko bidean den Mendialderaino.

Meriako enpleatuen alde egiteko diren gastu batzuetan argitu da ere zer parte hartuko duen herriak.

Herriko eskolarentzat lan haundiak egin beharko baitire, 38 miliuneko mailegu bat egiteko baimena eman dio kontseiluak jaun merari.

Azkenik ixtudiatu dire herriko lur batzuetaz diren tratu edo errentatze batzu.